Skip to content

Konfesio inkonfesableak

Egilea: Xabier Amuriza.

Abade egon nintzen herriei
Gizaburuaga eta Amorotori
non nire bizitzako urterik
emankorrenak izan nituen

PERFUMEAK

Armairu bertikal bat, bi metro gora, bat zabal. Metro bat altuerako atea. Goranzko baoa bi gortinak ixten, albo banatarantz konoan zabalgarri. Konfesatokia. Gizonezkoek, gortinak alboratuz, atearen pausalekura makurtzen gorputza, ukondoen gainean. Altueren arabera, makurtze txikiak, ertainak, handiak. Handien kasuan, ipurdiak nabarmenki irteten. Txikien kasuan, marmarra: «Horrek ez dauka ipurdirik ere». Ertainen kasua ez da kontsideratzen. Armairuak albo banatan tranpaldo baxu bat dauka. Emakumeek, horietako batean belauniko, sareta forratudun leihoska txiki batera arrimatu behar dute ahoa. Beste aldean belarri bat, apaiz edo fraide batena. Iluntasuna. Honek dena irensten du.

Apaiztu nintzenean konturatu nintzen perfumeen erabilera, konfesioetan, ez zela banitate dandy bat, adeitasun pastoral bat baizik. Zuzenbide kanonikoak, baimentzen ez ezik, behartzen gintuen kontaktu karnal indibidualetan, gizonezkoen burua, gortinape ilunean distantzien kontrol ezinezkoa bide, golkoraino sartzen zitzaizun. Barrukoaren eta kanpokoaren buruak, biak handiak baziren, normalak alegia, talka edo marruska inebitablea zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude