Skip to content

Harrien mintzoa

Egilea: Xabier Amuriza.

Bere lagun handi bihurtzeko zortea izan nuen
Erramun Gametxo pentsalariari.
Bizi guztia ideia baten-batzuen inguruan emanik,
merezi besteko arretarik jaso gabe joan zenari.

Premia gabeko hitzaurre bat.

Nire denbora oroimena da. Hau nahiko beterik dago, baina denborak etortzen jarraitzen du. Eta etorri ahala bete ezik, denbora zama bihurtzen da. Baina adinak ez du laguntzen zama arintzen. Eta abar eta abar. Kontua da behin galdetu nuela: «Nik zer esan dut?». Buf! Horretarako, gutxienez, idatzi dudan guztia errepasatu beharko nuke. Eta pentsatu nuen: «Ba, hara! Etortzen ari den denbora betetzeko era efektibo bat izan daiteke».

Nik oso maite dut neure oroimenean atzera eta aurrera ibiltzea. Eta pentsatu nuen horixe egitea, hautaketa bat eginez. Nik zer esan dut? Errepaso horretan aurkituko nituen esaldi batzuk jasotzen joango nintzen. Egin nuen kapritxoa, bete nuen denbora bat, eta mila bat esaldi atera ziren. Laburtzen-laburtzen joan nintzen, eta esan nuen: «Nahikoa da. Bego honetantxe». Eta geroztik, neure oroimenean atzera-aurrera ibiltzea erabat erraztu da. Noiznahi egin dezaket joan-etorriko bidaia bat, neure denboran zehar. Uste baitut harrien mintzo honek nahiko ondo erretratatzen nauela.

Eta uste baitut nire oroimenetik beste oroimen batzuetara analogia batzuk egon daitezkeela, baita, beharbada, kidetasun batzuk ere, ausartu naiz sarean jartzera, norbaitek denbora betetzen laguntzeko makulurik behar balu. Hala ez balitz, nik neureari berdin ekingo diot, harrien mintzo hau neure haitzuloa sonorizatzeko sortua izan baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude