Egilea: Xabier Amuriza.
Aittitte, aitxitxe, aitxitxa,
aitita, aitite, aitexe, aittajaun,
aitona, aitatxi, aitaso, aitautxi…
egin nauen EURI bilobatxoari,
egunen batean lerro hauek
irakurriko dituen pozean.
SOTANA NAUFRAGOA
Intimitate gordeak haurtzaro samurreko edo nerabezaro zaurgarriko ahultasunak zirelakoan, adinak ez dituela gutxitzen ikusi dut, arabera ugaltzen eta anizkoitzen baizik, halako eran nola, goizalde ilargitsu batean, Mendexatik Gizaburuagara bidean, Karraspioko hondartzara baztertu nintzenean. Uda amaierako gau zoragarri eta zorarazle horietako batean, ilargia ezteietara andan zeramatela zirudien. Mendexako apaiz lagunaren sukaldean, mundua biharamunean konkistatzen hasteko moduan utzi ondoren, Lambretta gorri esanginak aldatsean behera ninderaman, planeatzen bezala, hain garbi bereizten ziren olatu zurien eraginez, edo argitasun baporoso baten gainean. Astiro-astiro hartutako bihurgune bakoitzak Lekeitio ikuspegi ezberdinera biratzen zuen.
Irakurtzen jarraitzeko, jaitsi ezazue liburua honako botoi hauen bidez: